XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskararen atzerakada Araban Erdi Aroan hasi zen.

Garai hartan Araba herrialde euskalduna zen.

Aro Modernoan galerak hegoaldeko eta erdialdeko lurraldeetan gertatu ziren.

XVIII eta XIX. mendeetan atzerakada izugarri bizkortu zen, eta galerak ia herrialde osora zabaldu ziren.

Migrazioak, eskolarizazioak eta administrazioak erdara indardu zuten euskararen kaltetan.

Hirurogeitamarreko hamarkada arte galtzeprozesuak bere hartan jarraitu zuen.

Hamarkada horretan prozesua beste aldera jotzen hasi zen.

Baliteke, herrialde osoari buruz ari garelarik, indartze, berreskuratze edo normaltze gisako hitzak baikorregiak izatea.

Agian, batzuek esaten duten moduan, atzerakadaren behinbehineko geldiketaz hitz egin beharko genuke.

Dena den, argi dago Arabako zonalde batzuetan benetako berreskuratze-prozesu baten aurrean gaudela.

Honek, dudarik ez herrialde osoan du eragina.

Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak eskanitako datuen arabera 1981ean Arabako herritarren %3,88 euskaldunak ziren, %9,5 ia-euskaldunak eta %86,6 erdaldunak; l991n, berriz, %8,6 euskaldunak, %20 ia-euskaldunak eta %71,4 erdaldunak.

Aldaketa honetan, dudarik gabe, B eta D ereduen gorakadak, helduen alfabetatze eta euskaldutzeak, eta euskarak azken mendeetan galdutako prestigioa berreskuratu izanak eragin zuzena izan dute.

Arabako Errioxa aintzindari agertzen da euskara berreskuratzeko helmugarik gabeko lasterketan.

Lurralde horretan oso euskaldun gutxi bizi badira ere (Lapuebla de Labarkan %11,33, Bastidan %7,29, Lantziegon %4, 1989ko azterketaren arabera), bertan Arabako berreskuratze-indizerik nabarmenetarikoak aurki daitezke.

Hauetan gehien eragin duena eskolarizazioa izan da, jakina.

Ezbairik gabe, euskaraz ikasten duten ume eta gaztetxo guztiei esker aurrera egiten ari da euskara Arabako Errioxan.

1978an eraiki zen lehenengo ikastola (Oiongo San Bizente ikastola).

Harrezkero beste batzuk ere eraiki ziren euskualde horretako hainbat herritan (Lapuebla de Labarka, Bastida eta Lantziego) eta baita eskolaurreko zentro bi ere (Mainueta eta Eskuernaga).

Urteen joan-etorrian ikastolek gero eta ikasle gehiago jaso dute, eta zentru publikoek, ordea, gero eta gutxiago.

Izan ere, gaurregun, Arabar Errioxako ikasleen erdia baino gehiago ikastoletan daude matrikulatuta.

Grafikoan argi ikus daitekeenez, 1985-86 ikasturtean 300 bat ikaslek ikasten zuten euskaraz eta 1000k baino gehiagok, berriz erdaraz.

Gaur, 581ek ikasten dute euskaraz eta 500 inguruk erdaraz.